Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco logotipoa Segurtasun Saila
2018/02/06
Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du biharko eta ostegunerako elurragatik
Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du elurragatik bihar asteazkeneko 00:00etatik osteguneko 12:00etara berriz ere aire-masa hotzak iritsiko direnez, eta horren ondorioz itsasotik euria sartuko da eta elur-maila 100-300 metro inguruan kokatuko da. Itsas-mailan ere elurra egin dezake tarteka.
Prentsa bulegoa

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, asteartea, egunaren bigarren erdian euria sartuko da itsasotik eta prezipitazioak batez ere kantauriar isurialdean izango dira. Prezipitazio horiek, orokorrean, txikiak izango dira eta zenbait tokitan mardulak. Elur-maila 100-300 metro inguruan mantenduko da egun osoan.

Bihar, hilak 7, eguraldi berdintsuarekin jarraituko dugu, euria sartuko da itsasotik eta une batzuetan zaparrada ekaiztsuak izan daitezke eta txingor-ale txikia ere bota dezake. Elur-maila bihar ere 100-300 metro inguruan mantenduko da, eta tarteka itsas-mailan ere bota dezake elurra.

Ostegunean, hilaren 8an, egunaren lehenengo erdian, egoera oso antzekoa izango da, elur-maila 100-300 metro inguruan kokatuko da, eta egunaren bigarren erdian prezipitazioak desagertzen joango dira.

Ostegun gauean eta ostiral goizaldean segur aski ez da prezipitaziorik izango eta hodeiak arintzen joango dira. Horren ondorioz izotza egin dezake, eta barrualdean handia izan daiteke. Nolanahi ere, izotza hodeitzaren araberakoa izango da, eta une hauetan ziurgabetasuna handia da.

Ostiralean, hilaren 9an, egunaren bigarren erdian iritsiko den beste fronte batek prezipitazioak ekar ditzake berriz, eta elurra oso behean egin dezake larunbat goizera arte, eta ondorengo orduetan atertu egingo duela uste da, une hauetan ziurgabetasuna handia bada ere.

 

Oharra: Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.

 

 

 

 


Lege-informazioa

Mapa Web

  • © 2012 ¬∑ Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco