Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco logotipoa Segurtasun Saila
2018/04/15
Dirudienez biktima bidetik zihoan
Emakume bat hil da Legution auto batek harrapatuta
Emakume bat hil da bart gauean Araban, Legution, A-627 errepidean gertatu den zirkulazio-istripu batean. Auto batek dirudienez bidetik zihoala harrapatu du. Ezbeharraren berri izan bezain laster hurbildu dira esandako lekura larrialdietako zerbitzuko baliabideak, baina biktima hil egin da zauri larriak zituenez.
Prentsa bulegoa

Zoritxarreko istripua gaueko hamaikak eta bostean gertatu da Araban, Legutioko udalerrian. Eibarrerako noranzkoan zihoan Opel Zafira monobolumen baten gidariak SOS Deiak 112 telefono-zenbakira deitu du A-627 errepidean pertsona bat harrapatu duela esanez. Dirudienez, eta polizia-eginbideen emaitzek zer esaten duten ikusi beharko den arren, emakumea bidetik zihoan autoak harrapatu duenean.

Istripuaren berri izan bezain laster inguratu dira Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuko osasun-baliabideak eta Ertzaintza, baina biktimak zauri larriak zituen eta osasun-langileek biktimaren heriotza egiaztatu baino ezin izan dute egin.

Ertzaintzako agenteek arautu dute trafikoa autoa bidetik kendu eta biktimari laguntzen zioten bitartean. Biktima Gasteizko 28 urteko emakumezko bat da, eta gorpua Arabako hiriburuko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute epaileak aginduta. Ezbeharra izan duen autoaren gidaria 52 urteko Gasteizko bizilaguna da, eta zauri arinak zituenez Santiago Ospitalera eraman dute.

Ertzaintzak, bestalde, ikerketa jarri du abian ezbehar larria zergatik eta zein egoeratan gertatu den argitzeko.

                            


Lege-informazioa

Mapa Web

  • © 2012 ¬∑ Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco