2019/04/12
Ertzaintzaren 200 agentek baino gehiagok zaindu eta kontrolatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko errepideak, errepide nagusien trafikoaren arintasuna bermatzeko
Trafiko Zuzendaritzak arduraz eta segurtasunez gidatzearen aldeko mezua errepikatu du ‘Elige conducir / Gidatu, besterik ez!’ kanpainaren bitartez
Arrisku-faktoreei buruzko kontzientziazioan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak apirilaren 17an, Aste Santuko jai-egunen hasieran, abian jarriko duen “Elige Conducir / Gidatu, besterik ez” kanpaina. Arrisku faktoreen artean nabarmentzen ditu, batetik, deskuiduak, alkoholaren edo drogen kontsumoa, abiadura desegokia edo gehiegizko abiadura eta nekea, eta, bestetik, motozaleen babesa. Halaxe eman du aditzera Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak, Aste Santuko Operazio Bereziaren aurkezpenean. Jai-egun horietan, Euskal Autonomia Erkidegoan sarrerako eta irteerako 490.000 joan-etorri aurreikusi dira, 2018an baino % 6,9 gehiago, betiere klimatologiaren arabera.
Prentsa bulegoa

 “Azpimarratu nahi ditugu segurtasunez gidatzea eragozten duten eta gidarien gaitasunak murrizten dituzten eta haien bizitza eta errepideko gainerako erabiltzaileen bizitza arriskuan jartzen duten faktoreak. Hori dela eta, datozen egunotan, ‘Elige conducir / Gidatu, besterik ez’ kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpainaren bidez, arreta jarriko dugu deskuiduetan, abiadura desegokian edo gehiegizko abiaduran, alkoholaren edo drogen kontsumoan edo nekean. Era berean, segurtasunez eta arduraz gidatzearen garrantziari buruzko mezuak zuzenduko zaizkie motozaleei”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

Apirilaren 17tik maiatzaren 5era bitartean telebistaz, irratiz eta sare sozialen bidez hedatuko den kanpainaren helburua da istripu-tasa murriztea. Aurreko urteetan Aste Santuko istripu-tasa horrek behera egin du, eta 2012. urtetik, Aste Santuko egun horietan, ez da hildakorik izan Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan izandako trafiko-istripuetan (2012an bi hildako izan ziren Araban). Urte hartan, 7 pertsona zauritu ziren larri, eta azken sei ekitaldietako kopururik handiena izan da hori (2018an 5 izan ziren). Istripuen kopuruari dagokionez, azken Aste Santu hauetan beherako joerari eutsi zaio; 123 istripu izan ziren 2012an, 107 izan ziren 2013an, 100 izan ziren 2014an, 99 izan ziren 2015ean, 73 izan ziren 2016an, 88 izan ziren 2017an (igoera txiki bat izan zen) eta 78 izan ziren 2018an.

Aste Santuko Operazio Berezia

Aste Santuko egunetarako, apirilaren 17tik apirilaren 22ra bitartean, aurreikusten diren 490.000 joan-etorriek trafikoan izan dezaketen eragina minimizatzeko hartuko diren neurriak zehaztu ditu Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak.

 “Meteorologia lagun, kalkulatu da Aste Santu honetan % 6,9 gehituko dela Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetako irteerako eta itzulerako joan-etorrien kopurua, betiere 2018an aldi horretan izan zen trafikoarekin alderatuta —joan den urtean eguraldi txarrak baldintzatu baitzuen—”, adierazi du Díaz de Corcuera zuzendariak. Horrez gain, jakinarazi du Ertzaintzaren 200 agentek, gutxi gorabehera, zaindu eta kontrolatuko dutela trafikoa, ibilgailuen zirkulazioa ahalik eta arinena izan dadin.  

Trafikoko zuzendariak aditzera eman duenez, “gure errepide-sareko puntu hauetan izango dira, segur aski, zirkulazio-fluxurik handienak: A-8 errepidean, Kantabriako mugan, AP-8 autobidean Biriatuko ordainlekuan eta AP-1 eta A-1 errepideen arteko elkargunean, Armiñonen. Azken puntu horretan, ikusiko da trafikoak zer portaera izango duen AP-1 autobidea Burgos eta Armiñon artean liberalizatu ondoren”.

Irteera operazioan, A-8 errepidean, Kantabriako mugan, zirkulazio-intentsitate handiak izan ohi dira asteazkenean, 15:00etatik 21:00etara, eta Ostegun Santuan, 09:00etatik 15:00etara. Itzuleran, eta Bilbaorako norabidean, ibilgailuen kontzentraziorik handiena izaten da Bazko Astelehenean, 13:00etatik 21:00etara. Dena dela, azken urte hauetan ez da auto-ilara handirik sortu Bizkaian, bai, ordea, Kantabrian.

AP-8 autobidean, auto-ilararik handienak izaten dira Biriatuko ordainsarian (Frantziako noranzkoan) asteazken arratsaldean 14:30etik 21:00etara, eta Ostegun Santu goizean, 08:30etik 16:00etara. Era berean, eta Bazko Astelehena Frantzian jai-eguna denez gero, ostiralean zein larunbatean ere trafiko handia izaten da Donostiako noranzkoan.

Euskal errepide-sarearen hirugarren puntu gatazkatsua A-1 eta AP-1  errepideen elkargunea da, Armiñonen. AP-1 autobidean, Burgos eta Armiñón arteko tartea liberatu denez gero, espero da gora egitea AP-1etik zirkulatuko duen ibilgailuen kopuruak. Hartara, Trafiko Zuzendaritzak —Ertzaintzarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Miñoiekin koordinazioan— eutsi egingo die azken urte hauetan Armiñongo elkargunean zirkulazioa arintzeko hartu dituen trafiko-kudeaketako neurriei. Batetik, irteeran (hau da, asteazkenean, apirilaren 17an, arratsaldean eta Ostegun Santuan, apirilaren 18an, goizean), A-1 errepidean auto-ilarak sor daitezkeela aurreikusita, behin-behineko trafiko-seinaleak gaituko dira N-1 errepidearen ordezko bidea gomendatzeko La Puebla de Arganzón (A-1, 334 km) udalerriaren eta Armiñongo A-1/AP-1 errepideen arteko elkargunearen artean (A-1, 328 km). Bestalde, itzuleran (hau da, Bazko Astelehenean, apirilaren 22an), txartel eta kono bidezko operatiboa ezarriko da AP-1 errepidetik A-1 errepidera, Vitoria-Gasteizko noranzkoan, etenik gabe eta 80 km/h-ko abiadura konstantean sartzeko, bidea emateko geldialdirik egin behar izan gabe.

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/53617-trafiko-zuzendaritzak-arduraz-eta-segurtasunez-gidatzearen-aldeko-mezua-indartuko-elige-conducir-gidatu-besterik-kanpainaren-bitartez