2020/01/08
Auto baten gidaria hil da eta beste bat larri zauritu da gaur goizean Igorren gertatutako trafiko-istripu batean
Zoritxarreko ezbeharra gaur goizean gertatu da N-240 errepidean, Bizkaiko Igorre herrian, bi autok aurrez aurre elkar jo dutenean. Talkaren ondorioz, autoetako baten gidaria hil egin da eta bestea larri zaurituta geratu da, eta ospitalera eraman behar izan dute. Istripuaren ondorioz errepidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute, eta trafikoa Igorre erdialdetik desbideratu dute.
Prentsa bulegoa

Istripua gaur goizeko seiak hamar gutxian gertatu da N-240 errepidean, Igorreko saihesbidean. BMW 530 batek eta Renault Megane Scenic batek aurrez aurre jo dute elkar, oraindik argitu ez duten arrazoiren batengatik. Kolpearen ondorioz, bi gidariak auto barruan harrapatuta geratu dira, eta suhiltzaileen laguntza behar izan da erreskatatzeko.
Ertzaintzaren eta Larrialdietako Zerbitzuaren hainbat baliabide berehala hurbildu dira istripua gertatu den lekura, baina BMW autoaren gidaria hil egin da zauri larrien ondorioz. Istripua izan duen beste autoaren gidaria, 52 urtekoa eta Bilboko bizilaguna, Galdakaoko ospitalera eraman behar izan dute larri zaurituta.
Biktima, 25 urtekoa, Zornotzako bizilaguna da, eta Bizkaiko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute epailearen aginduz. Ertzaintzak, bestalde, ikerketa jarri du abian ezbehar larriaren inguruabarrak argitzeko.