2019/08/08
Talka gertatu den unean gidarietako bat aurkako noranzkoan gidatzen ari zen
Hildako bat eta beste bat larri zaurituta Gabirian, A-636 errepidean, bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin dutenean
Gizonezko bat hil da —oraingoz ez dago haren datu gehiagorik— gaur arratsaldeko ordu bata inguru A-636 errepidean, Gabiria parean (Gipuzkoa) eta Beasainerako noranzkoan, gertatu den trafiko-istripu baten ondorioz. Istripua izan duen beste ibilgailuko gidaria larri zauritu da eta Zumarragako Ospitalera eraman dute. Lekukoen arabera, talka gertatu den unean hildakoa kontrako noranzkoan gidatzen ari zen autobiatik, ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko.
Prentsa bulegoa

Ezbeharra arratsaldeko ordu bata inguru gertatu da A-636 autobian, Gabirian, bi autok, Renault Megane batek eta Citroën C5 batek aurrez aurre talka egin dutenean. Lekukoen arabera, talka egin duten unean Renault Megane autoa kontrako noranzkoan gidatzen ari zen autobiatik, ezagutzen ez diren arrazoiak tarteko.

Talkaren ondorioz, Renault Megane autoko gidaria, gizonezko bat, ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek esku hartu behar izan dute autotik ateratzeko. Handik gutxira, mediku batek hilik zegoela egiaztatu du.

Talkaren ondorioz, errepidea Beasainerako noranzkoan eten behar izan dute eta auto-ilara handiak sortu dira.

Bestalde, Citroën C5 autoko gidaria, hau ere gizonezkoa, larri zauritu da, eta Osakidetzaren anbulantzia medikalizatu batean eraman behar izan dute Zumarragako Ospitalera.

Une honetan, ezbeharra gertatu den lekuan errei bat zabaldu dute zirkulaziora Beasainerako noranzkoan, eta Bergararako noranzkoko plataforma trafikora zabalik dago.