2019/11/25
Istripuan zauritu egin da berarekin zihoan emakumezkoa
Auto baten gidaria hil da Elorrion gertatutako zirkulazio-istripu batean
Zoritxarreko ezbeharra gaur goizean gertatu da N-636 errepidean, Bizkaiko Elorrio herrian, bi autok aurrez aurre elkar jo dutenean. Kolpearen ondorioz, ibilgailuetako baten gidaria hil egin da eta berarekin zihoan emakumezkoa zaurituta geratu da. Istripuaren ondorioz errepidea itxi egin behar izan da bi noranzkoetan, eta trafikoa Elgetatik eta Elorrio erdialdetik desbideratu da.
Prentsa bulegoa

Istripua gaur goizeko zortziak eta bostean gertatu da Elorrioko saihesbidean, N-636 errepidean. Bi autok, Citroën X-Sara batek eta Toyota Verso batek, aurrez aurre jo dute elkar herri sarreran, oraindik argitu ez diren arrazoiengatik. Kolpearen ondorioz, Citroën autoaren gidaria auto barruan harrapatuta geratu da eta suhiltzaileen laguntza behar izan da erreskatatzeko.

Istripuaren ondoren bi ibilgailuak gurutzatuta geratu dira errepidean, eta bi noranzkoetan itxi behar izan da bidea. Biktimak artatzeko eta istripua izan duten ibilgailuak erretiratzeko lanak egiten zituzten bitartean, trafikoa Elgeta gainetik eta Elorrio erdialdetik desbideratu da.

Ertzaintzaren eta Larrialdietako Zerbitzuaren hainbat baliabide berehala hurbildu dira istripua gertatu den lekura, baina Citroën X-Sara autoaren gidaria hil egin da zauri larrien ondorioz. Istripuan zauritu egin da berarekin zihoan 29 urteko emakumezkoa, eta Galdakaoko ospitalera eraman behar izan dute. Istripuan inplikatutako beste autoaren gidaria onik irten da.  

Biktima, 30 urtekoa, Mungiako bizilaguna da, eta Bizkaiko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute epailearen aginduz. Ertzaintzak, bestalde, ikerketa jarri du abian ezbehar larriaren inguruabarrak argitzeko.

Jarrai gaitzazu Twitter bidez

@ertzaintzaEJGV