2019/09/02
Batez ere hilaren 5eko etaparen amaierak eragingo du Bilbon eta hiriko sarbideetan errepideak ixtea
Espainiako Itzulia irailaren 5ean eta 6an, ostegunean eta ostiralean, iritsiko da Bizkaira, eta eragina izango du trafikoan
Espainiako 2019ko Itzuliaren bi etapa igaroko dira Bizkaitik irailaren 5ean eta 6an, ostegunean eta ostiralean, eta Ertzaintzak trafikoan horrek izango dituen eraginen berri eman nahi die herritarrei. Bi egun horietan Ertzaintzak abian jarriko duen polizia-dispositiboak probaren eta, orokorrean, trafikoaren segurtasuna bermatuko du. Errepideak ixteko orduetan aldaketak izan daitezke lasterketaren bilakaeraren eta trafikoaren egoeraren arabera.
Prentsa bulegoa

Ostegunean, zehazki, 12. etapa egingo da, txirrindulariak Otxandiotik sartuko dira Bizkaira eta etapa Bilbon amaituko da. Horrela, 15:45etik 16:45era bitartean, Arratia aldeko zirkulazioan izango du eragina etapak, batez ere N-240 errepidean, Lemoako eta Bediako herriguneetan, El Gallo bidegurutzera arte (N-634). Probak eragina izango du AP-8 autobidean ere, zehazki Usansolorako irteeran eta Galdakaoko ospitalerako sarbidean, nahiz eta larrialdietarako zerbitzuei sartzen utziko zaien.

16:00etatik 17:15era Erletxeko bidegurutzean etengo da trafikoa, bai eta Larrabetzun, Gamiz-Fikan eta Lezaman ere. Txorierriko korridoreari (N-637) dagokionez, Larrabetzuko irteerak itxi egingo dira:

  • Getxo-Erletxerako noranzkoan 14:30etik 17:00etara itxiko da trafikoarentzat.

  • AP-8-Getxorako noranzkoa 12:00etatik 17:40ra egongo da itxita (litekeena da goizeko lehenengo orduetatik itxi behar izatea, errepideak ixteaz arduratuko diren taldeen lanaren eta trafikoa seinaleztatzeko programazioaren arabera).

    Bilbon batez ere ostegunean izango du eragina, etapa-amaiera dela-eta

    Errepideko trafikoan eraginik handiena Bilbon izango du Espainiako Itzuliak, zehazki 15:30etik 18:30era bitartean. Tarte horretan itxi egingo dira A-8tik, San Mameseko tuneletatik, eta Torres Quevedorako noranzkoan, Bizkaiko hiriburura sartzeko bideak, bi noranzkoetan eta Donostiatik nahiz Santanderretik iritsiko diren ibilgailuentzat.  Errepidea ixteak BI-636tik, Kadaguako korridoretik, iritsiko diren ibilgailuei ere eragingo die. Sartzeko eta irteteko bide alternatiboak honakoak izango dira: Juan de Garay eta Miribillatik; Bolueta-Begoñatik N-634 errepideko trafikoarentzat, Ibarsusi bidegurutzetik, eta Deusto Artxandako tuneletatik.

    Espainiako Itzulia iristen den orduan, N-634 errepidetik Bilbora sartzeko bidea, Zorrotzatik Basurtura bitartean, itxita egongo da, eta ospitalera doazen larrialdietako zerbitzuei bakarrik utziko zaie pasatzen. Termibus autobus-geltokiko sarrera-irteeretan ere izango du eragina etapak.  Santo Domingo Gainetik Artxandara sartzeko bidea (BI-631) 12:00etan itxiko da.

    Enekuritik Bilbora ezingo da sartu Errontegi-Getxo-Asuatik eta Txorierriko korridoretik datorren trafikoa, bidea itxita egongo baita trafikoarentzat 15:30etik txirrindulariak igaro arte. Enekuri Gainetik Artxandarako bidea 12:00etatik egongo da itxita Deustutik iristen diren ibilgailuentzat.

    Artxandako tuneletan, Bilbora sartzeko, ez da bidesaririk ordaindu beharrik izango 15:30etik 18:30era bitartean.

    Hamahirugarren etaparen irteera, irailaren 6an, ostiralean

    Ostiralean, 13. etapa Bilbon (San Mamesen) hasiko da, eta Bizkaiko errepideetatik igaroko da Lanestosaraino, eta bertan Kantabriako lurraldean sartuko da. Horrela, 11:00etik 13:30era A-8tik Bilbora sartzeko bideetan izango du eragina etapak, eta San Mameseko tuneletako sarbideak, Torres Quevedorako noranzkoan, itxita egongo dira, bai eta Bilbora N-634 errepidetik sartzeko bidea ere Zorrotzatik Basurtura.

    12:30etik 13:30era itxi eta seinaleztatu egingo dira BI-636 errepidearen (Kadaguako korridorea) eta BI-3651 errepidearen (Zorrotzatik Balmasedara) arteko sarrera-irteerak Bilbo eta Zalla artean.