2019/05/06
Pertsona bat hil da eta beste bat larri zauritu da gaur gauean A-8 autobidean, Muskizen, gertatu den trafiko-istripu batean
Zoritxarreko ezbeharra gaur gauean gertatu da A-8 autobidean, Bizkaiko Muskizeko udal-barrutian. Hiru autok atzetik jo dute elkar Kantabriarako noranzkoan zihoazela, Kobaron parean. Istripuaren ondorioz auto baten gidaria hil egin da eta beste baten gidaria larri zauritu da. Ezbeharraren ondoren itxi egin behar izan dira Kantabriarako noranzkoko erreiak, eta auto-ilarak sortu dira, beraz.
Prentsa bulegoa

Istripua gaur gaueko hamarrak eta hogeita bostean gertatu da A-8 autobidean, Bizkaiko Muskiz herri parean. Hiru autok, Peugeot 3008, Peugeot 406 eta Nissan Juke batek, elkar jo dute atzetik Kobaron parean. Talkaren ondorioz Peugeot 406 eta Nissan Juke autoen gidariak autoen barruan harrapatuta geratu dira.

Istripuaren berri izan bezain laster bertaratu dira Larrialdietako Zerbitzuko hainbat baliabide, horien artean bi biktimak erreskatatu dituen suhiltzaileen dotazio bat. Jasan dituzten zauri larrien ondorioz, Peugeot 406 autoaren gidaria, 54 urteko gizonezkoa eta Castro-Urdialeseko bizilaguna, hil egin da. Nissan autoan harrapatuta geratu den gidaria, 28 urteko emakumezkoa eta Zarauzko bizilaguna, anbulantzian eraman dute Gurutzeko ospitalera suhiltzaileek erreskatatu ondoren. Istripuan inplikatutako hirugarren ibilgailuko bost bidariariak onik irten dira.

Istripuaren ondorioz itxi egin behar izan dira Kantabriarako noranzkoko erreiak, biktimak artatzen eta errepideak bidetik kentzen zituzten bitartean. Ertzaintzako agenteek N-634 errepide aldera desbideratu dute trafikoa, Areetako hondartzako irteetatik. Biktimak erreskatatzeko eta bidea garbitzeko lanak egin bitartean, auto-ilarak sortu dira. Trafikoa goizaldeko 01:45 aldera leheneratu da.

Ertzaintzak ikerketa jarri du abian ezbehar larriaren arrazoiak argitzeko.