2020/01/08
Autobidea, Beasainerako noranzkoan, 16:15ean geratu da zabalik
Zumarraga, hamalau zauritu, bi oso larri, A-636 errepidean gertatu den istripuan
Guztira 14 pertsona zauritu dira gaur goizeko 10:00etan A-636 autobidean, Zumarraga parean eta Beasainerako noranzkoan, hainbat ibilgailuren artean gertatutako istripuan. Argixaoko tunelaren irteeran atzetik elkar jotzen joan dira zazpi ibilgailu arin eta lau kamioi. Istripua gertatu den unean laino itxia zegoen leku horretan, eta ikuspena murrizten zuen. Zaurituetako lau Donostia ospitalera eraman dituzte, eta gainerakoak Zumarragako eta Debagoieneko ospitaleetara.
Prentsa bulegoa

Istripua goizeko hamarretan gertatu da A-636 errepideko 11. kilometro-puntuan, Zumarraga parean. Beasainerako noranzkoan zihoazen hamaika ibilgailu joan dira talka egiten, horietatik lau kamioiak ziren, bost autoak eta bi furgonetak.

Larrialdietako dispositibo zabala hurbildu da istripua gertatu den lekura, baita Eusko Jaurlaritzako larrialdiei aurre egiteko bi teknikari ere, bertaratu diren zerbitzuak, hau da, suhiltzaileak, anbulantziak, Ertzaintzako trafikoko baliabideak eta seinaleztatze eta desbideratze lanetan lagundu duten Deba-Urolako Ertzain-etxeko baliabideak koordinatzeko.

Zauritu larrietako bat DAF kamioi baten gidaria da, 56 urteko gizonezkoa, eta Donostia ospitalera eraman dute. Beste hiru zauritu ere, 48 eta 72 urteko bi emakumezko eta 45 urteko gizonezko bat, Donostiako ospitale berera eraman dituzte.

Gainerako zaurituak, beste hamar, anbulantzietan eraman dituzte Zumarragako eta Debagoieneko (Arrasate) ospitaleetara. Horietatik zazpi 35 urtetik 58 urtera bitarteko gizonezkoak dira, eta bi emakumezkoak, 48 eta 66 urtekoak.

Beasainerako noranzkoan errepidea erabat itxita egon den denboran, Ertzaintzak Zumarraga eta Ormaiztegi arteko GI-2632 errepidetik desbideratu du zirkulazioa.

Istripuan inplikatutako ibilgailuak erretiratzeko eta, ondoren, bidea garbitzeko lanak 16:15ean amaitu dira, eta ordu horretan geratu dira zabalik Beasainerako noranzkoko bi erreiak.

Ertzaintzako Gipuzkoako Trafiko Unitateak dagokion ikerketa eta atestatua jarri ditu abian, istripua eragin duten arrazoiak eta inguruabarrak argitzeko.