2019/11/08
Lasterketaren ibilbidean dauden hauteslekuetara iristeko pasabideak jarriko dituzte, bozkatzera joan ahal izateko
Trafiko Zuzendaritzak igande honetan egingo den Behobia-Donostia lasterketaren 55. edizioak trafikoan izango dituen eraginez ohartarazten du
Donostia eta Behobia (Irun) arteko ibilgailuen trafikoak aldaketa handiak izango ditu igandean, azaroaren 10ean, Behobia-Donostia lasterketaren 55. edizioa dela eta. Goizeko 06:00etatik proba amaitu bitartean, ibilgailuen zirkulazioan aldaketak izango dira ibilbidearen inguruetan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak ordezko bideak erabiltzea eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jarraibideak errespetatzea gomendatzen du.
Prentsa bulegoa

Lasterketa goizeko 9:45ean hasiko da gurpildun aulkietako parte-hartzaileen probarekin. Handik bost minutura irtengo dira patinetan parte hartuko duten lasterkariak, eta, azkenik, 10:15ean oinezkoen txanda izango da. Lasterketa Behobiatik, Faisaien Uharte ondotik, abiatuko da, eta Irundik, GI-636 errepideari jarraituz, Gaintxurizketa gainera igoko da, eta errepide berean barrena Errenteriako hirigunerantz egingo du. Jarraian, Pasai Antxon sartuko da Nafarroa Hiribidetik, Donostian Mirakruz gainetik sartuko da eta Gros eta Zurriola pasealekua zeharkatuta Boulevarden amaituko da. Azkeneko parte-hartzaileak 11:39ak aldera irtengo dira Behobiatik.

 

Eraginak trafikoan

Goizeko 06:00etatik aurrera itxiko da zirkulaziorako Irunen GI-636 errepideko Oxinbiribileko eta Behobiako biribilguneen arteko zatia. Ondorioz, autoentzat ordezko bide bat ezarriko dute Irungo 54 industrialdetik, eta ibilgailu astunak AP-8 autobidetik desbideratuko dituzte.

8:15etik aurrera, proba Gaintxurizketa gainetik igarotzean, bypass bat ezarriko dute: bidearen zati bat (Irunerako noranzkoan) parte-hartzaileak Errenteriara bideratzeko erabiliko da; bestea (Donostiarako noranzkoan) ibilgailuen zirkulaziorako, GI-2638 errepidearekin lotura eginez (Gaintxurizketa-Lezo).

Une berean, 08:15etik aurrera, GI-636 errepidea bi noranzkoetan itxiko da zirkulaziorako 7,9 kilometro-puntuaren (Gaintxurizketako gainaren hasiera) eta 2,5 kilometro-puntuaren (Altamira) arteko tartean. Ordezko desbideratze bat ezarriko dute GI-2638 errepidean, Altamirako biribilgunera arte, eta handik berriz konektatuko ahal izango da GI-636 errepidearekin, Don Bosco tunelaren eremuan.

 

Gomendioak

Parte-hartzaileen kopuru handia dela-eta (30.000 pertsona baino gehiago), eta Gaintxurizketa eta Pasaia bitartean GI-636 errepidearen ardatzean trafikoa denbora luzean egongo denez etenda, gomendatzen da beste errepide batzuk erabiltzea Irunen, Donostiaren, eta lasterketaren eraginpeko gainerako udalerrien arteko joan-etorrietarako.

Proba egin bitartean, debekatuta dago bidean baimendutakoa ez den beste ezein jarduera egitea: hau da, ezingo da oinez joan, zenbakirik gabe korrika egin, bidean sartu, etab. Halakoek arriskua dakarkiete bai lasterketan parte hartzen dutenei, bai trafikoari, oro har, eta zigortuak izan daitezke.

Igandean hauteskunde-eguna ere badenez, antolatzaileek lasterketa igaroko den lekuen inguruan dauden lau hauteslekuetara iristeko pasabideak egokituko dituzte, bat Irunen eta hiru Donostian. Horrela, hautesleku horietara iristea bermatuko da bozkatu ahal izateko. Bozkatzera joango diren pertsonen joan-etorriak direla-eta puntu horietan jarraibideei arreta berezia eskaintzea eskatzen da.  

Era berean, probaren aurreko orduetan, lasterketa egingo den bideetatik zirkulatzen duten oinezkoek arreta berezia jarri beharko dute bidetik eta bazterbideetatik oinez zirkulatzeko arauak betetzeko (kontuz zirkulatzea, zirkulazioa ez eragoztea, ilaran joatea, jantzi islatzaileak eramatea...), arrisku-jokabideetan erori gabe.