2018/12/31
Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak 2018ko ezbeharren eta “Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” hezkuntza-programaren behin-behineko balantzea aurkeztu du
Euskal Autonomia Erkidegoko trafiko-istripuetan hildako 42 pertsonatatik % 55 kolektibo ahulenetako pertsonak ziren
2018/12/31 Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko ezbeharren datuen behin-behineko balantzea. Urtea amaitzearen faltan, guztira 42 pertsona hil dira EAEko errepideetan, 2017an baino 3 pertsona gehiago. Pertsona horien % 55 kolektibo ahulenetako pertsonak ziren (14 motozale, 8 oinezko eta bizikletari 1). Prentsaurreko berean ezagutarazi da ikastetxeetara zuzendutako “Don´t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” prebentzio-programaren 2018ko balantzea, eta jai-egun hauetan zuhurtziaz eta arduraz gidatzeko deia egin da.
Prentsa bulegoa

42 pertsona (34 gizon eta 8 emakume) hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan eta kaleetan izandako trafiko-istripuen ondorioz. Horietako 29 gidariak ziren (14 moto-gidari, 14 turismo-gidari edo beste mota bateko ibilgailuko gidari eta txirrindulari 1), 5 pertsona turismoetako bidaiariak ziren eta 8 oinezkoak.

Lurraldeen arabera, 13 pertsona hil dira Gipuzkoan, 13 Araban eta 16 Bizkaian. Gogorarazi behar da aurten izandako 3 istriputan 6 hildako izan zirela (2 Aretxabaletan, 2 Galdakaon eta 2 Asparrenan).

Istripuen kopuruari dagokionez, hauteman da joan den urtean baino istripu kopuru txikixeago erregistratu dela. Abenduaren 28ra arte, 7.609 istripu erregistratu dira, 2017an baino 230 istripu gutxiago.

 “Euskal Autonomia Erkidegoko ezbeharren bilakaeran beheranzko joera finkatzen ari bada ere, kolektibo ahulenetako hildakoen kopuruak gora egin du, batez ere motozaleena —14 hildako 2018an eta 8 hildako 2017an—. Kolektibo horrekin modu espezifikoan ari gara lan egiten ikuspegi partekatuko estrategia garatzeko. Estrategia horrek barnean hartzen ditu heziketa, egoeraren analisi zehatza eta multzo horren istripu-tasa murriztera zuzenduko diren sentsibilizazio-ekintzak. Horrenbestez, aurreko urteekin alderatuta, egoerak hobera egin badu ere, bide-segurtasunaren arloan oraindik ere bide luzea dugu aurretik”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak.

2017an, 39 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan izandako trafiko-istripuetan, 23 gidari (7 moto-gidari eta 16 turismo-gidari edo beste ibilgailu mota bateko gidari), 9 bidaiari (1 motoan eta 8 turismoetan) eta 7 oinezko.

2018an, oraingoz, hildako gidarien eta oinezkoen kopuruak gora egin du, baina  behera egin du bidaiarien kopuruak, 2017ko datuekin alderatuta. Lurralde Historikoen arabera, Gipuzkoan hildakoen kopuruak behera egin du (9 gutxiago izan dira 2018an), eta gora egin du Araban (2017an baino 4 gehiago) eta Bizkaian (8 gehiago).

Datu horiek Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako istripuei dagozkie; hartara, hiri-bideetan eta hiri arteko bideetan gertatutako istripuak hartzen dira barnean.

 

Urtezaharrerako gomendioak

Trafikoko zuzendariak gogorarazi duen moduan, “data hauetan funtsezkoa da arreta jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko trafiko-istripuetan agertzen diren hiru faktoretan: abiadura desegokian, alkoholaren eta drogen kontsumoan eta arreta-galtzeetan. Eta mezu hori helarazi nahi zaie errepideak erabiltzen dituzten pertsonei Elige conducir / Gidatu, besterik ez!’ komunikazio-kanpainaren bidez; Kanpaina hori jada hedatzen ari da irratian eta ETBn, baita @TrafikoaEJGV Twitter-eko kontuaren bidez eta mezu aldakorreko panelen bidez ere”.

Era berean, Díaz de Corcuera zuzendariak aukera baliatu du jai-egun hauetarako zenbait gomendio emateko.

Komeni da zirkulatu behar dugun errepideetako egoeraz informatzea www.trafikoa.eus web-gunean, @trafikoaEJGV Twitter bidez, TrafikoaEJGV APParen bidez edo 24 orduz arreta eskaintzen duen 011 telefonoaren bidez.

Alkohola eta drogak kontsumitzea eta gidatzea bateraezinak dira. Bide-segurtasunaren aurkako delitua da, eta ondorio larriko istripuak eragin ditzake.

Une oro errespetatu behar dira zirkulazio-arauak, baita trafiko-agenteen indikazioak ere.

Komeni da gidatzeko modua bidearen inguruabarretara egokitzea.

Gomendatzen da errepidean arreta jartzea, GPSarekin edo smartphoneekin arreta galdu gabe.

Arreta eta prekauzioak areagotu behar dira eguberrietako ospakizun handien aurreko eta ondorengo joan-etorrietan.

 

 “Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” jardueraren laburpena

Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako prebentzio-programa ibiltaria, abian jarri zenetik, 31 udalerritara iritsi da (6 Araban, 11 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan), eta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan ere izan da, ikasle ugariren parte-hartzearekin. Guztira, 54 ekitaldi antolatu dira, eta horietan 11.500 ikasle inguruk hartu du parte. Ikasleek orain arte ikus-entzunezko programaren balantze positiboa egin dute.

Programan, Dummyk (automobil-industrietan ibilgailuetako segurtasun-probak egiteko erabiltzen diren manikien antzekoak) hainbat gorabehera bizitzen ditu —oro har, traumatikoak—, eta gorabehera horiek lekukoekin tartekatzen dira (131 gonbidatu izan dira eta trafiko-istripuetako 57 biktima edo horien familiakoak). Gazteen artean barruraino sartu da programa. Ekitaldien ondoren egindako inkesten arabera, 10 parte-hartzaileetatik 9k modu positiboan baloratu dituzte saioak, eta nabarmendu dute errepidearen arriskuez jabetu direla. % 98k aditzera eman du istripuak saihesteko neurriak hartuko dituela.

Programan lankidetzan dihardute: Stop Accidentes elkarteak, Bizkarrezur Muinaren Lesioa Aztertzeko Elkarteak (AESLEME), Ertzaintzak, udaltzaingoek, Osakidetzak, Salbamenduak eta Larrialdietako Zuzendaritzak. Erakunde horietako kideek lekukotzak azaltzen dituzte eta oso baliagarriak dira ikasleak errepidearen arriskuez jabetzeko.  

Prebentzio-kanpainaren baitan, bide segurtasuna sustatzeko bideoen lehiaketa dago martxan. Programaren kontzientziazio- eta prebentzio-mezuen hartzaile diren gazteek hartu dezakete parte bertan.

Hurrengo estekan ikus daiteke ‘Don’t be Dummy – Zuk ez duzu ordezkorik’ programaren lehen ekitaldia laburbiltzen duen bideoa: https://youtu.be/QpmqsM06edw