2019/07/24
Asteburu honetan eta abuztuko lehen asteburuan trafiko korapilatsua espero da Euskal Autonomia Erkidegoan, bat etorriko baitira udako oporraldiko irteerako eta itzulerako zirkulazioak
Trafiko Zuzendaritzak eskatu du abuztuaren 23tik 26ra bitartean Euskadiko mugako pasabidea saihestea, Biarritzen egingo den G7aren gailurraren ondorioz
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak plan operatibo berezia jarri du abian abuztuaren 24an, 25ean eta 26an Biarritzen egingo den G7aren gailurrak trafikoan eragin ditzakeen gorabeherei aurre egiteko. Gailur hori bat dator Euskal Autonomia Erkidegoan itzulera-operazioko ibilgailu-trafiko handieneko asteburuarekin —eguneko 30.000 ibilgailu izaten dira. Hartutako neurrien artean hauek daude: zerbitzuguneetan eta nazioarteko igarobideko errepideetan indartu egin da informazio-seinaleztapena; 90.000 liburuxka editatu dira, lau hizkuntzatan, gidariei jakinarazteko abuztuaren 23tik 26ra bitartean Euskadiko mugako pasabidea saihestu behar dutela; eta modu koordinatuan lan egiten ari da trafiko arina bermatzeko eta egoera horren eraginpean egon daitezkeen pertsonen segurtasuna bermatzeko. Era berean, Trafiko Zuzendaritzak kanal bat ireki du ibilgailu astunen trafikorako murrizketen eraginpean dagoen garraio-sektoreari modu puntualean informatzeko.
Prentsa bulegoa

“G7aren gailurra Biarritzen egingo da abuztuaren 24tik 26ra bitartean, eta bat etorriko da nazioarteko zirkulazioko udako oporraldiko itzulera-operazioarekin. Gailur horrek, beraz, eragin handia izango du Biriatuko mugako pasabidean. Izatez, Frantziako agintariek segurtasun-kontrolak areagotuko dituzte eta, itzulera-operazioaren ohiko murrizketez gain, murrizketa gehigarriak aplikatuko dizkiote garraio astunari”, eman du aditzera Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

 

Hori dela eta, Trafiko Zuzendaritzak zenbait neurri hartu ditu gidariei eskatzeko saihets dezatela abuztuaren 23tik 26ra bitartean Frantziara Euskadin barrena sartzea. “Informazio-seinaleak ezarri dira AP-1, AP-8 eta N-1 errepideetako atseden-eremuetan, bi noranzkoetan; liburuxkak ari dira banatzen Bidegiren zerbitzuguneetan eta ordainsarietan; eta informazio-prozedura berezia artikulatzen ari da mezu aldagarriko paneletan, Twitterren eta web-orrian. Era berean, aurreikusi da erabiltzaileei zuzendutako arreta indartzea eguneko 24 orduetan operatibo egongo den 011 informazio-telefonoaren bidez”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak.

 

Uztaileko azken asteburua eta abuztuko lehen asteburua, gorabeheratsuenak

 

Trafikoari dagokionez, bihar hasten da astebururik gorabeheratsuenetako bat, abuztuko lehen asteburuarekin batera. Izatez, lau eguneko zubia hasten da, eta eguraldi onarekin barne-trafikoak gora egitea aurreikus daiteke. Aldi berean, abuztuko oporraldiko irteera-trafikoa bat etorriko da uztaileko oporraldiaz gozatu dutenen itzulerarekin.  

 

Irteera-operazioko astebururik kritikoenetan trafikoaren arintasuna hobetzeko helburuarekin, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen-operatibo bereziak abian jarriko ditu Etxabarri Ibiñan, AP-1 eta N-622 errepideen arteko loturan, Vitoria-Gasteizerako noranzkoan, eta, aldi berean, Vitoria-Gasteizen, N-622 eta A-1 errepideen elkargunean, Burgoserako eta Madrilerako noranzkoan. Armiñongo bidegurutzean, eta Arabako Foru Aldundiarekin batera, behin-behineko seinaleztapena gaitu da A-1 errepidearekiko paralelo bideratzen den N-1 errepidean zeharreko ibilbide alternatiboa erabil dadin La Puebla de Arganzón y eta Armiñongo AP-1 autobiderako sarbidearen artean.

 

Behin-behineko balantzea

 

Udako operazio berezia hasi denetik 3 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan, joan den urteko aldi berean baino pertsona bat gehiago.

Trafikoari dagokionez, irteera-operazioko lehen fasea gorabehera handirik gabe egin da. Tokiko trafiko-dentsitate handieneko gunea A-8 autobia izan da, Bizkaitik Kantabriarako noranzkoan. Uztailaren 5ean eta 19an, 11 kilometrora arteko auto-ilarak izan ziren.

 

Araban, N-622 errepidetik A-1 autobiderako loturan, Madrilerako noranzkoan, oso ibilgailu-dentsitate handia izan zen uztailaren 19an, ostirala, eta zirkulazioa oso geldoa izan zen 2 kilometrotan. Gipuzkoan, normaltasunez egin da irteera-operazioa.

 

Kontzientziazio-kanpaina

 

Trafiko Zuzendaritzak kontzientziazio-mezuak hedatzen jarraitzen du ‘Gidatu, besterik ez / Elige conducir’ kanpainaren bidez. Telebistan eta irratian iragarkiak txertatzen ditu, eta prebentzioaren bidez errepidean istripuak saihesteko mezuak hedatzen ditu sare sozialetan eta mezu aldagarriko paneletan. Mezu horiek arrisku-faktoreak dituzte oinarri, hala nola abiadura desegokia edo gehiegizkoa, alkoholaren eta drogen kontsumoa, deskuiduak eta lo-gabezia. Era berean, motozaleen kolektiboari zuzendutako prebentzio-eduki espezifikoak ere sortu dira, Jar zaitez nire gurpiletan estrategiaren bidez (www.trafikoa.ponteenmisruedas.eus).

 

Gomendioak

 

Trafiko Zuzendaritzak gomendatzen du, edozein bidaiari hasiera eman aurretik, errepideen egoera kontsultatzea 011 telefonoan, www.trafikoa.eus web-orrian, @TrafikoaEJGV Twiterreko kontuan edo TrafikoaEJGV APPan.

 

Bidaiari hasiera eman aurretik:

-           Ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatu, eta pneumatikoak, argiak, balaztak, haizetako-garbigailuak, ispiluak eta abar baldintza onean daudela egiaztatu.

-           Ez egin otordu oparorik, logura saihesteko.

-           Alkoholaren eta drogen kontsumoa saihestu. Sendagairen bat hartuz gero, ziurtatu ez duela gidatzeko garaian ondoriorik.

 

Errepidean:

-           Abiadura eta gidatzea trafikoaren eta errepidearen inguruabarretara egokitu, eta beti jarraitu Ertzaintzako agenteek adierazten dutenari.

-           Segurtasun-tarteak mantendu.

-           Bi orduan behin, edo 200 kilometroan behin, atseden hartu.

 

Gainerako gidariekiko errespetua funtsezkoa da errepidean. Zuhurra izan behar da eta lasaitasunari eutsi behar zaio, benetan garrantzitsuena helmugara iristea baita, eta ez noiz eta zenbat denboran iristen garen.