2019/06/28
Aurreikuspenen arabera, aurtengo udan 1.875.000 ibilgailuk zeharkatuko dute Euskadi, nazioarteko joan-etorrietan
Trafiko Zuzendaritzak garraiolariei eskatzen die abuztuaren 24an, 25ean eta 26an mugatik igarotzea saihesteko, Biarritzen egingo den G7ren gailurrak murrizketak eragingo dituela eta
Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur aurkeztu dute Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan motor-gidarien istripu-tasa murrizteko ‘Nire gurpiletan jar zaitez’ sentsibilizazio-estrategia.
Prentsa bulegoa

Udako irteera/itzulera operazio berezia dela eta antolatu den prentsaurrekoan egin da aurkezpena. Aurreikuspenen arabera aurtengo udan 1.875.000 autok zeharkatuko dute Euskadi nazioarteko joan-etorrietan, 2018ko aldi berean baino % 2,5k gehiagok.

Itzulera-operazioan, abuztuaren 24an 25ean eta 26an, eragina izango du Biarritzen egitekoa den G7ren gailurrak. Egun horietan, Frantziako agintariek aurreikusitako murrizketek eragina izango dute ibilgailu astunen trafikoan.  Oraingoz, Segurtasun Sailaren gomendioa da egun horietan Biriatuko muga ez zeharkatzea.

Nire gurpiletan jar zaitez sentsibilizazio-programa

’Nire gurpiletan jar zaitez’ sentsibilizazio-programa Trafiko Zuzendaritzak eta Euskadiko motorzaleen elkarteek 2018an, errepidean kalteak jasateko arriskurik handiena duen kolektiboetako baten istripu-tasa murrizteko, abian jarritako estrategia partekatutik sortutako ekimena da. “Trafiko Zuzendaritzaren 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoaren helburuetako bat kolektibo ahulen –oinezko, txirrindulari eta motorzaleen– istripu-tasa murriztea da. Iaz, Euskadin trafiko-istripu batean hildako hiru pertsonatatik bat motorzalea zen.  Kolektibo ahul horrekin aparteko lana egin behar da, arduraz gidatzearen balioa sustatuta, informazioaren, prestakuntzaren eta kontzientziazio-ekintzen bitartez”, adierazi du Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak.

Programaren mikrogunean (www.trafikoa.ponteenmisruedas.eus) bildu dira errepideko elkarbizitzaren balioari buruzko hainbat gomendio eta elkarrizketa; taldeko irteerak egiteko segurtasun-dekalogoa; eta prestakuntza Nafarroako Los Arcoseko zirkuituan.

Udako irteera/itzulera operazio berezia

Trafiko Zuzendaritzak egindako kalkuluen arabera, gaur, ostirala, 15:00etik uda amaierara arte, 1.875.000 ibilgailuk zeharkatuko dute EAE nazioarteko joan-etorrietan, iaz baino % 2,5 gehiagok. Joan-etorrien % 60 uztailean eta abuztuan egingo dira.

Irteera-operazioan fluxurik handiena uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan espero da. Itzulera mailakatuagoa izango da, nahiz eta abuztuko azken bi asteburuetan, irailak 1 barne dela, ostegunetik igandera, espero den intentsitaterik handiena.

Trafiko Zuzendaritzak arreta berezia jarriko du opor-garaian Euskadiko errepide-sareko punturik gatazkatsuenak izaten direnetan: A-8an Kantabriarako noranzkoan, AP-8an muga inguruan, A-1etik AP-1erako sarbidean Armiñonen, eta AP-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean Gasteizerako noranzkoan eta N-622en eta A-1en artekoan Burgoserako noranzkoan.  

Egun horietan trafikoa ahalik eta arinena izateko eta trafikoaren dentsitateak eragin ditzakeen gorabeherak minimizatzeko, Trafiko Zuzendaritzak honako jarduketak burutuko ditu:

 

  1. Seinale lagungarriak jarriko dira bide-sare nagusiko eta zerbitzu guneetako puntu estrategikoetan, foru-aldundiekin lankidetzan.

     

  2. Irteera-operazioan, astebururik kritikoenetan (uztaileko azkena eta abuztuko lehenengoa, ostiraletik igandera bitartean) seinalizazio-operazio bereziak gauzatuko dira AP-1eko irteera (Etxabarri Ibiñan) eta N-622 errepidea (Gasteizerako noranzkoan) lotzea errazteko, eta gauza bera egingo da Gasteizen N-622ren eta A-1en artean Burgos/Madrilerako noranzkoan. Armiñongo lotunean, eta Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, behin-behineko seinaleen bidez gomendatuko da A-1en paraleloan doan N-1eko ordezko bidea erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1erako sarbide artean. 
  3. Itzulera operazioan, Trafiko Zuzendaritzak seinaleztapen berezia erabiliko du Armiñongo lotuneko trafikoa arintzeko AP-1 autobideko irteeran, Gasteizerako noranzkoan. Konoen bidez A-1eko hiru erreietako bat AP-1etik sartzen diren ibilgailuentzat lagako da. Dispositiboa 8 egunetan mantenduko da: abuztuko azkeneko bi asteburu luzeetan, ostegunetik igandera bitartean.

Ertzaintzako Trafiko Unitateetako 550 agentek zainduko dute errepideko zirkulazioa eta segurtasuna, eta in situ emango dute zirkulazioaren egoerari buruzko informazioa. Helikoptero batek irudiak bidaliko ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, eta kontrol horren euskarria izango da.

Ertzaintzaren datuen arabera, 2018ko uztailean eta abuztuan –itzulera-operazioa irailaren 2ra arte, igandea, luzatu zen– 8 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan Euskadin (4 Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 2 Araban), aurreko udan baino 3 gehiago (4 Gipuzkoa eta 1 Bizkaian). Guztira, 1.122 istripu erregistratu ziren (471 zauritu izan ziren), eta horrek esan nahi du % 2,5 egin zuela behera istripu-tasak 2017ko opor-garai berarekin alderatuta.

Elige conducir / Gidatu, besterik ez

Trafiko Zuzendaritzak Elige conducir / Gidatu, besterik ez kanpaina jarriko du berriz abian. Iragarkiak gidari guztiei zuzenduko zaizkie, eta hiru arrisku-faktore nabarmenduko dituzte: arreta galtzeak, alkoholaren eta drogen kontsumoa, gehiegizko abiadura edo atsedenik ez hartzea. Telebista, irrati eta Internet bidez emango dira.

Horrez gainera, eta uda osoan, informazio-mezuen panelak eta Trafiko Zuzendaritzaren kanal guztiak, www.trafikoa-eus web-orria, APPa, Twitterra eta 001 telefono-zenbakia (24 orduz erabilgarri dagoena), erabiliko dira informazioa emateko.  

https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/55429-direccion-trafico-insta-los-transportistas-evitar-paso-fronterizo-los-dias-agosto-por-los-cierres-previstos-con-motivo-cumbre-del-biarritz